Alkateek pozik hartu dute aireportuan hegaztiak antzemateko radarra ipini izana

a: Alkateak Madrilen izandako bilera batean 2022ko mar. 16a, 14:00

AENAK atzo jakinarazi zuenez, radarra ipini dute Loiuko aireportuan, hegaztien mugimenduak antzemateko eta animalien eta hegazkinen arteko talkak ekiditeko. Loiuko, Sondikako, Derioko, Zamudioko, Lezamako eta Erandioko alkateek baterako prentsa oharra kaleratu, eta bertan azaldu dute pozik daudela radarra ipini izanarekin. Era berean, azpimarratu dute neurri hori dela AENAko eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioko arduradunekin izandako hainbat bileren emaitza.     

3Dko radar-sistema da eta big data eta adimen artifiziala erabiltzen ditu. Alkateek espero dute radarra lagungarria izatea hegazkinen eta hegaztien arteko talkaren arriskua arintzeko. “Azken urteotan zenbait gorabehera eragin baititu, batez ere putreak bidaiari handiak direlako eta egunero egiten dituzten joan-etorriek aire-zirkulazioko korridoreetan eragiten dutelako”.  

AENAk azaldu moduan, radarrari esker, hegaztien fluxuei era mugimenduei buruzko datuak ezagutu ahalko dira, eta “aireportuaren inguruan ibiltzen diren hegaztien hegaldi-ohiturak hobeto ezagutu ahalko dira. Gainera, informazio gehigarria emango da, baldin eta aireratzeetan edo lurreratzeetan talkaren bat edo bestelako gertakaririk badago”. Radarrak lagunduko du “hegaztien mugimenduen patroiak aztertzen eta horiek erakartzen dituzten fokuak identifikatzen. Era berean, aukera emango du arrisku handieneko espeziei egokitutako neurri aringarriak diseinatzen”.

Alkateek espero dute sistemak “bizilagunen segurtasuna bermatzea” eta nabarmendu dute “lanean eta elkarlanean” jarraituko dutela “segurtasun hori bermatzeko eskumena duten erakunde guztiekin”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).