Zenbateko eragina dauka algoritmoak gazteek sare sozialetan kontsumitzen duten edukian?
Eragina erabatekoa da, eta gero eta handiagoa. Ez dute bakarrik erabakitzen zer eduki kontsumitzen dugun, baita zeri jartzen diogun arreta. Esango nuke gizarteko elkarrizketak bideratzen dituztela modu batera edo bestera, politikoki zein ekonomikoki. Adibidez, gazte bat fitness munduan sartzen bada, horrelako edukiak kontsumituko ditu. Bideoetan gorputz idealizatuak bakarrik aurkituko ditu eta erreferentzia hori hartuko du unibertsala izango balitz bezala. Hau da, algoritmoak gai zehatz batzuk lantzen ditu batez ere, eta horiengan interesa erakutsiz gero, bertsio bakarra erakutsiko dizu, kasu honetan, fitness munduan gorputz idealizatuak bakarrik daudela, pluraltasuna ezabatzen dute. Pixkanaka anitza izan beharko litzatekeen mundu hori norabide bakarrekoan bihurtzen dute, hori bakarrik jasotzen dugulako. Sare sozialek bere baitan pluraltasuna zabaldu eta denek ahotsa dutela erakutsi nahi izaten dute, baina algoritmoek ahots bakarrari ematen diote indarra. Eta noski, gehiago kontsumituz gero, indar gehiago hartzen du ahots bakar horrek.
Pauso bat gehiago emanez, algoritmoek oraindik beraien pentsamendua edo nortasuna guztiz eraikia ez duten gazteengan eragin zuzena izan dezakete?
Nerabeen pentsamendu edo nortasunean eragin nabaria dela esango nuke. Ez modu aktiboan, baina bai pasiboan. Gazteek pentsatu dezakete sare sozialak kontrolatzen dituztela, baina alderantzizko harremana da. Algoritmoek kontrola- tzen dute zer eduki igo edo ikusi behar duten. Esate baterako, Tik Tok plataforman, Trend-ak daude. Askeak gara bai, baina zati batean bakarrik, tendentziek markatzen digute askotan zer igo behar dugun. Anonimotasuna ere hor dago, gaur egun edozeinek izan ahal ditu profil bat baino gehiago eta bestelako kontuetatik edozer esan edo idatzi. Askotan, hauek hater-rak izaten dira, gauza ezkorrak zabaltzen dituzte besterik ez. Horiek bideratzen dituzte sare sozialetako elkarrizketak eta bestelako iritziak mugatzen dituzte. Ez dugu partekatzen nahiko genukeen guzti hori.
Alde horretatik, influencer-rek zer nolako lana egiten dute?
Askotan errua botatzen diegu, sare sozialetan bizitza idealizatzen dutelako. Nire ustez, ez dugu erruaz hitz egin behar, arduraz baino. Ahotsa eta jarraitzale mordoa duten unean ardura izan behar dute, baina ez dute uste guztiaren errudunak direnik. Erderaz askoz hobeto ulertzen da: culpa eta responsabilidad. Responsabilidad hori bera respuesta terminotik dator, orduan ez dute erantzun on eta idealizatu bakarra, bakoitzak bere mezua landu behar du.
Badago algoritmoa kontrolatzeko modurik?
Beti existituko dira, azkenean interes politiko eta ekonomiko asko daude atzean. Bai algoritmoa elikatu dezakegula, gustuko dugun edukia partekatuz edota gure interesen araberako bilaketak eginez. Modu positiboa landu beharko genuke.
Eta bere lana mugatu daiteke?
Bai blokeatu daitezke gustuko ez dituzun edukiak, baina ezin daiteke mugatu algoritmoak erakutsiko dizuna. Horrez gain, desberdindu beharko genituzke bi kontu: erabilera denbora eta erabilera kalitatea. Denborari dagokionez, bai mugatu dezakegula pantailaren aurrean ematen dugun denbora. Adibidez, gomendagarria da gauetan mugikorra alde batera uztea eta bere ordez liburu bat irakurtzea. Era berean, Hastagh batzuk blokeatuz eduki mota zehatz batzuk ez zaizkigu agertuko. Horrek esan nahi du algoritmoak ez duela gugan eragingo? Ez, beti izango du eragina sare sozialetan sartzeko erabakia hartzen dugun momentutik. Ez gara muturreko egoeretara joan behar eta bakoitzaren iritzia edota nortasuna mantendu behar dugu. Sare sozialetan dena doa oso azkar, eta guk gure denbora hartu behar dugu bertan partekatu edota jarraitu nahi dugunaren inguruan gogoeta bat egiteko. Erreflexio eta hausnarketa prozesu bat gauzatu behar dugu, eta zure ideia propioak garatu.