ALTXA BURUA

“Gustatuko litzaidake 'smartphone' bat izatea, baina aldi berean, ez dut nahi arazoak bakarrik ekarriko dizkidalako”

Mikel Reina Barros

Argazkia: Aner Mentxaka Alvarez

Pantailen erabileraren inguruko arazoa oso zabala da, ertz asko ditu: hezkuntza, osasuna, sare sozialak.... Hain zuzen ere, ertz horietako batzuekin hitz egin nahi izan du Aikor aldizkariak. Txorierriko Altxa Burua taldea abiapuntu hartuta, hainbat elkarrizketa egin ditu Aikorrek. Azkena Karle Marugay Aiartza 12 urteko ikaslearena da.

Ez daukazu smartphonik, badaukazu bere falta?
Ez. Eta egia esan ez dut behar, Zamudio herri txikia da, denok ezagutzen gara eta zerbait behar izatekotan baditut irtenbideak. Ez dut behar. Bai nabaritzen da nik ez daukadala batzuetan, baina ez dit arazorik sortzen.

Zein egoeratan nabaritzen duzu zuk ez duzula smartphonik?
Klaseko Whatsapp taldean ez nago, adibidez, baina batzuetan eskertzen dut eta guzti. Batzuetan erakutsi dizkidaten gauza batzuk ez direlako aproposak, argazkiak, bideoak edota mezuak. Horrelako taldeetan bakarrik arazoak sortzen dira. Gero, lagunekin nagoenean batzuetan bai daudela mugikorrarekin eta ni naiz bakarra ez duena.

Orduan, zelan jartzen zara harremanetan lagunekin edota gurasoekin behar duzunean?
Mugikorra badaukat, ez da smartphone-a, telefono zahar bat da eta hori erabili dezaket. Mugikorra ez badaukat, aurretik geratzen naiz ordu eta toki batean eta listo. Bestela, normalean, amamaren etxera joaten naiz eta bere bitartez hitz egiten dut lagunekin edo gurasoekin geratzeko. Amama ez badago, herritik bilatzen ditut edo denda batera joaten naiz laguntza eskatzera deitzeko.

Eta zure lagunak denbora asko egoten dira mugikorrarekin?
Batzuk bai eta beste batzuk ez hainbeste. Bai sortu direla batzuetan arazoak, batez ere Whatsapp taldeetan esandakoagaitik. Lagun harremanak apurtu dira eta guzti. Lehen esan bezala, horrelako taldeetatik ez da ezer ona ateratzen, arazoak bakarrik.

Kanpotik, sentitzen duzu smartphone bat izateko presioa?
Nire amamaren telefono zaharra daukat eta lagunei eta gurasoei deitzeko bakarrik erabiltzen dut. Gustatuko litzaidake smartphone bat izatea, baina aldi berean, ez dut nahi arazoak bakarrik ekarriko dizkidalako.