Txorierritik ere Euskal Herria mundura

Aikor aldizkaria 2023ko eka. 29a, 10:03

Zapatuan, uztailak 1, Bilbon hasiko da Frantziako Tourra, eta lehen hiru etapak Euskal Herrian izango dira. Egitasmoa baliatuta, Gure Esku mugimenduak herri-erronka antolatu du Euskal Herria munduari erakusteko. Izan ere, adierazi dutenez, nazioartean argi adierazi nahi dute “Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta zazpi lurraldeko herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duela”. Horretarako, Tourra pasatuko den herriak ikurrinaz betetzeko deia egin dute. Txorierrik bat egingo du deiarekin.

Frantziako Tourrak zapatuan zeharkatuko du Txorierrin, eta herrietako Gure Esku mugimenduak lanean hasi dira bailara ikurrinaz betetzeko eta erabakitzeko eskubidea nazioartean aldarrikatzeko. Horrela, gaur, ekainak 29, ikurrinak, oroigarriak eta kamisetak ipiniko dira salgai Loiuko plazan, 20:00etatik aurrera. Larrabetzun, bestalde, zapatuan, 14:00etan, batuko dira plazan, eta 14:45ean bide-bazterrera joango dira. Lezaman ere plazan batuko dira, 14:30ean, eta bide-bazterrera 14:45ean joan. Herri bietan parte-hartzaileei euren ikurrina eramateko deia egin diete antolatzaileek. Zamudion, zapatuan ikurrinak salduko dira Nekazamudio azokan, 12:00etatik aurrera. Egitasmoan parte hartuko dutenek 15:00etan dute hitzordua plazan, eta handik bide-bazterrera abiatuko dira 15:15ean. Era berean, Derion, zapatu goizean, plazan mahaia ipintzeko asmoa dute, eta bertan ikurrinak banatu. 

Esan moduan, lehen etapa Bilbon hasiko da 12:55ean, San Mames futbol-zelaiaren alboan. Bizkaiko hiriburutik Loiurantz abiatuko dira txirrindulariak eta berehala pasatuko dira Zabaloetxe, Larrakoetxe eta Lauroeta auzoetatik. Ostean, hainbat udalerritan ibiliko dira, ordu batzuk beranduago Txorierrira berriro itzultzeko: besteak beste, Erandio, Getxo, Sopela, Plentzia, Bakio, Bermeo eta Gernika.

Kirolarien abiaduraren arabera Tourraren antolatzaileek kalkulatu duten moduan, lasterketa 16:26an helduko da Morga Ganara eta handik, Goikoelexea auzora (16:32an), Larrabetzura. Beranduago, Galdakaora desbideratuko da Elorritxuetatik eta berriro itzuliko da bailarara, Lezamara (16:57an), alegia. Bertatik, Tourrak gainerako herriak bisitatuko ditu BI-737 errepidetik: Zamudio (17:01ean), Derio (17:04an) , Loiu (17:06an) eta Sondika (17:08an). Sondikatik Bilboko helmugara heltzeko, txirrindulariek Pike Gana (17:14an) gainditu beharko dute, bi kilometroko zati benetan gogorra: % 9ko desnibela du eta, tarte batzuetan, % 15ekoa ere bada. Guztira, 182 kilo­metroko etapa izango da.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).